martes, 27 de abril de 2010

Euskal Dantza taldeak eta herri dantza tradizionalak

Euskal Dantza taldeak eta herri dantza tradizionalak

Ikusi bezala, dantza euskal herri kulturaren desafio-ohore kodigoetan ulertua izatetik, nazio baten ideiaren pean ulertuko den ezaugarri kultural bezala definitzen joan zen. Ideia hau indartzen joan ahala, 40 eta 50. hamarkadetan dantza taldeen sorrera ugaritu zen. Maisu baten ikasle ziren herriko dantzarietatik, dantza talde egituratuetara pasa zen.

Gerraren ondorioz Iparraldean errefuxiatu ziren gudari-dantzari Gipuzkoar eta Bizkaitarrek euskal dantza taldeak sortu zituzten, eta euskal batasunaren ideian oinarriturik ezpata-dantza eta aurreskua irakatsi zituzten. Gutxinaka, talde folkloriko geroz eta gehiago sortzen joan ziren, baina bitartean iparraldeko herri-dantza tradizionalen galera eman zen (Itzaina 2001; 331).

Hegoaldean ere gerra zibila eta gerraosteko garaietan dantza tradizionalen galera eman zen, eta hauen lekuan dantza tradizionalen folklorizazioa gertatu zen dantza talde tradizionalen sorreraren bitartez (Sanchez Equiza 2001: 348). Lehen dantza taldeen artean Dindirri sortu zen Bilbon 1945. urtean, eta Goizaldi Donostian 1948.ean. Talde hauek landutako taldeak ziren, eta ikuskizunetarako prestatuak ematen zituzten dantzak. Gerra garai hauetan, jendea euskal kulturaren egarri zen, eta hau dela eta talde hauen emanaldiek arrakasta handia izan zuten. Baina dantzak beren jatorrizko lekuetatik desagertzen joan ziren heinean, hauek dantzatzea jakintza espezializatua izatera pasako da; dantza taldeetan, dantza pausuak konplikatzen joan ziren, hauek dantzatu ahal izateko entsegu ordu asko beharrezko bihurtuko zirelarik.

Hirurogeiko hamarkadako giro politiko nahasian talde berri asko sortu ziren, hauen arteko lehiaketak eta emanaldiak ugaritu zirelarik. Talde hauen arteko harremanak sendotu ahala dantzarien arteko erakunde baten beharra ikusi zen, eta honela sortu zen 1965ean Euskal Dantzarien Biltzarra, eta handik gutxira Dantzari aldizkaria.

60. eta 70. hamarkadetan euskal dantza taldeak krisi batean murgildu ziren, dantzaren orduko egoera zein etorkizunekoa aztertzen zuten lanak egin ziren, eta hauetan folklorea gorde beharreko tradizio legez agertzen da, baina dantza taldeen ikuskizunei buruzko lanak izango dira. Dantza taldeen programak laburrak eta pobreak ziren, zerbait aldatu beharra zegoen, dantza berriak sortu edota herrietan ikertze lanak eginaz dantza programak aberastu ( Irigoien 1995: 7).

Honen inguruan Juan Antonio Urbeltz ikerlariak 1967an zera idatzi zuen artikulu batean:

“Dantza ezin daiteke ikerketa batean bakarrik gelditu, eta demostratuak izan diren gauzei buruz dantzatzen jarraitu. Dantza lengoaia artistikoa oraingo gizakiarentzat denez, ulergarria izan behar du, nire ikuspuntutik, eta ez gaitezan engainatu, dantza tradizionala gero eta txikiago geratzen ari zaigun jantzi bat delako, eta uste dut, behar beharrezkoa dela irtenbide berriak bilatzea tradiziotik hasita.”[1]

Baina dantza talde gehienek beren errepertoriotara gehitu zituzten dantzak ez ziren dantza berriak izan, baizik eta jatorrizko lekuetako dantza taldeekin ikasi eta berreskuratzen zituzten dantzak baizik. Errepertorioak zabaldu arren, dantza taldeek egokitutako dantza tradizionalen ikuskizunekin jarraitu zuten. 1978tik aurrera Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta ospatuko diren dantzari egunetan, euskal herri osoko dantza taldeak bilduko ziren, eta hauetan, lurralde bakoitzeko dantza taldeek beste taldeentzat egokitutako ikastaldiak antolatu zituzten, taldeen artean dantzak zabaltzen joan zirelarik.

1980. hamarkadan, aurreko hamarkadetan folklorizazioa bultzatu zutenen gogoeta etorri zen, beren dantzak ikuskizun hutsak bihurtzen ari zirela ohartzerakoan, eta hainbat dantzari eta maisu geratzen ziren herri dantza tradizionalen etnografo bihurtu ziren hauek egiten jarraitzen zen lekuetan, ondoren hauek beste herrietan berreskuratu edota zabaldu zituztelarik. Honen adibide izan zen Uztaritzeko inauteria, iparraldean bizirik irauten zuen bakarrenetakoa, lapurtar eredu bilakatzea eta honen “kopiak” beste herri askotan burutzea (Itzaina 2001: 335).

Hegoaldean, diktaduraren amaierak ekarri zuen euskal kulturaren berpiztearen barruan, elementu folklorikoen zabalpen handia eman zen, baina hauek jatorrian zuten esanahia galdu egin zuten. Herri askotan ahaztutako tradizio eta dantzak berreskuratu edota tradizio berriak sortu ziren, tradizioen berreskurapen honetan adibide argia izan zirelarik inauteriak. Beste herri batzuetan, herri dantzen berreskurapena haur eta emakumeen eskutik eman zen, eta kasu hauetako batzuetan hauen “jatortasuna” zalantzan jarri da (Kepa Fdez de Larrinoa 1998: 25).

Herrietan ohiturak jarraituz herri dantza tradizionalak berreskuratu (edo birsortu) ziren bitartean, Euskal Dantza talde askok beren ikuskizunetan dantzak aurkezteko modua aldatu zuten: apurka-apurka, antzokietarako moldatuagoak eskaini zituzten

No hay comentarios:

Publicar un comentario